Sarien lehen edizioak Bizkaiko Elikagaien Bankuaren, Bermeo Tuna World Capital ekimenaren, A&B Laboratorios de Biotecnología enpresaren, Bizitegi Elkartearen Aurkigune proiektuaren eta UN Etxearen lana aintzatetsi du
ODS Sarien I. edizioak, zeina batera antolatzen baitute Cadena SER Euskadik eta BBK-k, agerian jarri du enpresen eta elkarteen ehunak, hirugarren sektoreko erakundeek, ikastetxeek eta pertsonek norbanako gisa Euskadin Garapen Jasangarrirako Helburuak (ODS/GJH) betetzeari ematen dioten garrantzia. 149 hautagaitzak izan dute sariok eskuratzeko aukera eta, horretarako, ekimen publikoa eta inbertsio pribatua konbinatzen dituzten proiektuak aurkeztu dituzte, oso tamaina desberdinetako enpresetatik eta oso askotariko neurriekin jarduketa-arloei dagokienez. Aberastasun hori, azken batean, helmuga batean biltzen da: ODS/GJHak errealitate bihurtzeko konpromisoan oinarrituta eraikitzea etorkizuna.
Epaimahaia erakunde antolatzaileetako taldez eta aditu independentez osatuta egon da eta proiektu hauek saritzea erabaki du, 17 Helburuak bost kategoriatan taldekatuta:
ODS SARIA – PERTSONAK: Bizkaiko Elikagaien Bankua
Modu fidagarri eta boteretsuan erakusten duelako 2030 Agendaren oinarrian eta Helburuetan dagoen funtsezko printzipioa, alegia, pertsonen giza eskubideak eta pobreziaren alderdi guztien aurka borrokatzeagatik (1. Helburua), denek beren eskubideak aske erabiltzeko oinarrizko gaitasunak eduki ditzaten, hala nola elikadura (2. Helburua), osasuna eta ongizatea (3. Helburua), kalitate oneko hezkuntza (4. Helburua) eta genero-berdintasuna (5. Helburua), inor atzean utzi gabe.
ODS SARIA – PLANETA: Bermeo Tuna World Capital
Oso modu esanguratsu eta adierazgarrian erakusten duelako atunarekin lotutako industrian eta balio-kateetan jasangarritasuna zeharka txertatze aldera aurrera egiteko konpromisoa, arrantzatik, eraldaketatik eta kontsumotik abiatuta, ingurumen-oreka eta ozeanoetako biodibertsitatea babesteko (13. eta 14. Helburuak), ozeanoetatik ateratzen diren eta gizakientzat baliotsuenetakoak diren proteina eta mantenugaien baliabideetarako sarbidea belaunaldi berrientzat arriskuan ez jartzeko (2. Helburua) eta sektore horretako balio-katearekin lotutako lurraldeetan bizi diren familia askoren oparotasunerako funtsezko baliabidea bermatzeko (8. eta 10. Helburuak), Bermeok munduko harrapaketen kuota oso handia metatzen baitu.
ODS SARIA – OPAROTASUNA: A&B Laboratorios de Biotecnología
Gizarte-inpaktuak eta ingurumen-inpaktuak egokiro kudeatzeko negozio-ereduaren bazter guztietan jasangarritasuna integratzeko moduan erreferentea delako, baita negozioaren kudeaketan berrikuntza eta etengabeko hobekuntza sustatzen duelako ere, bere produktu eta prozesuen ingurumen-inpaktua aktiboki murrizte aldera, baliabideen kudeaketa —besteak beste, urarena eta energiarena— optimizatuz, karbono-aztarna eta ingurumen-aztarna murriztuz eta bere eragiketa guztietan zirkulartasuna txertatuz (12. Helburua).
ODS SARIA – BAKEA: Bizitegiren Aurkigune proiektua
Bizitegi Elkarteko erabiltzaileei beren herritartasuna modu gogobetegarrian, aktiboan eta erabilgarrian gauzatzea ahalbidetzen dieten formulak sustatzen dituelako. Modu horretan, gizarte-zerbitzuen sistemaren hartzailetzat hartuak izatetik zerbitzuak ematen dituzten gizarte-eragileak bihurtzera pasatzen dira eta, horrela, gizarte-bazterketako egoeran dauden pertsonen estigma murrizten da eta hurbileneko eta eguneroko inguruneetatik elkarrizketarako, bizikidetzarako eta aktibazio komunitariorako gune bat sortzen da, non garapen jasangarriak izena, aurpegia, memoria, nortasuna eta eskubideak dauzkan. Kasu honetan, hain zuzen ere, Bilboko Uribarri auzoan.
ODS SARIA – ITUNAK: UN Etxea
Funtsezko zeregina betetzen duelako Bilbon, Bizkaian eta Euskadi osoan diharduten erakunde publiko eta pribatu guztiak biltzen dituzten lau helize deritzenen arteko lankidetza sustatzeko: erakunde publikoak, enpresa-sektorea, sozietate zibila eta unibertsitateak eta erakunde akademikoak.
Sariak emateko gala ekainaren 21ean izango da, Bilboko BBK Aretoan (Kale Nagusia, 19-21), 18:00etatik aurrera.